"Je me souviens...Oroitzen naiz..." ikusgarria Biarritzen
2011ko irailaren 29 eta 30ean, bai eta urriaren 1 eta 2an, Mizel Théret-en sorkuntza berezi bat ikusten ahalko da Biarritzeko Colisée aretoan. Taula gainean, euskal dantzaren ezinbesteko hiru pertsonaia agertuko dira : Jean Nesprias, Philippe Oyhamburu eta Koldo Zabala. Malandain Ballet Biarritz/Ballets T eta Euskal kultur erakundearen arteko ko-ekoizpen bat da.

2011ko Irailaren 29, 30 eta urriaren 1ean 20:30etan, bai eta urriaren 2an 16:00etan, ikusgarri berezi bat ikusten ahalko da Biarritzeko Colisée aretoan.
Hiru dantzari bikain, adintsuak jada, koreografia berri batean elkarrekin arituko dira : Jean Nesprias (83 urte), Philippe Oyhamburu (89 urte) eta Koldo Zabala (74 urte). Hiruek eskaini diote bizitza dantzari (eta hortaz, euskal kulturari), eta buru eta bihotz ekin diote, oraindik ere haien barruan bizirik dirauen "su sakratu" batek bultzatuta. Sorkuntza honen helburua ez da dantzari horiei inongo omenaldirik egitea, ezta begirada nostalgikorik ematea ere, baizik eta ezagutzera ematea haien gizatasunaren sakontasuna.
Obra intimista hau, geldoa eta samurtasunez betea, keinu minimalistetan oinarritzen da. Hiru dantzariak eszenatokian zehar ibiliko dira, aurrera egingo dute, eseriko dira, etzan egingo dira, altxako dira, hainbat dantza pausu emango dituzte, arnasa hartuko dute, begiradak luzatuko dituzte, haiei buruz hitz egingo digute, geldi-geldi geratuko dira, bata bestearen babesa bilatuko dute...
Bestetik, sorkuntza honen gai nagusia dantzariaren gorputzaren eta gorputz-memoriaren zahartzea izango da. Erabat garaikidea den obra hau Euskal Herriko dantzaren hiru jeinuren eskutik iristen zaigu, haien gorputzen egiatasunean oinarrituta indarrez eta itxaropenez betetako mezu bat helaraziko digutelarik.
Biarritzekoen ondotik, beste bi ikusgarri izanen dira : bata Donostian, urriaren 4an eta bestea eta bestea Bilbon (eguna zehaztekoa).
Xehetasunak :
- "Oroitzen Naiz... / Je me souviens..." ikusgarria - Prentsa Txostena (pdf)
- Erreserbatzeak (Biarritzeko Turismo Bulegoa) : 05.59.22.44.66
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)